literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.121 idazlan
7.829 esteka / 6.321 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Amagoia Iban
Euskaldunon Egunkaria, 1995-12-06
Garbiņe Ubeda:
«Politena, taldea bere zentzurik humanoenean ikusi ahal izatea izan da»

Kazetaritza mundutik une batez at geratu, autoa hartu, eta Europan zehar Negu Gorriak taldearen bira jarraitzea onartu egin zuen Garbiñe Ubeda tolosarrak bere garaian. Helburua, kronika bat osatzea. Emaitza, orain dugu aztertzeko aukera.

Nola sortu zen honelako liburua osatzeko ideia?

Susatik sortu zen ideia. Beraiek hitz egin zuten bai Negu Gorriakekin, bai nirekin. Aspaldiko ideia da, dena den. Niri maiatzean egin zidaten proposamena.

Emaitza zertaz dago gertuago, kazetaritzaz ala literaturaz, jakinik zu zeu kazetaria zarela?

Oso gauza nahastua da. Segun nondik begiratzen duzun, literatur lan bat izan daiteke, kakotx artean beti ere, ni kazetari bainaiz eta hortik abiatu baita asmoa guztia. Literatura izan daitekeela bi gauzengatik diot. Batetik, istorio bat kontatzen delako, eta bestetik, pertsonaiak dituelako.

Baina informazio ugari plazaratzea ere helburu duelarik, kazetaritza lana ere bada. Bira hori nola bizi izan den kontatzen da, eta lekuan lekuko pertsonekin ere hitz egiten da. Zer mobida dagoen leku bakoitzean, bertakoek zertan jarduten duten... Liburuak Europako isla soziala ere badu, nolabait.

Sozial hitza aipatu duzu. Badirudi mota honetako gaidun liburuak gainbehera datorrela. Liburu honek horri muzin egiten dio?

Hori, akaso, gehiegitxo esatea da. Niretzat hori baino askoz ere aipagarriagoa da lehen aipatu dugun kazetaritza eta literaturaren arteko erdiko bide hori. Puska batzutan, gehiago hurbiltzen da literaturara, eta beste batzuetan kazetaritzara, kronika sozialera. Ez da ez bat eta ez bestea. Ibili garen lekuko istorioak dira, eta ibili garen lekuak alternatiboak, solidarioak eta ezkertiarrak direnez, hori ageri da, logikoki.

Zein ideia igortzen ditu liburuak arlo horietan?

Esate baterako, solidaritatearen ideia, ibili garen lekuetako jendeak faxismoari nola aurre egiten dion, mugimendu ezkertiarra eta alternatiboa zertan diren, musikak komunikaziorako tresna gisa duen garrantzia, jendea zertan dabilen...

Berlinen, adibidez, oso indartsu zegoen Kurdistanen aldeko solidaritatea. Azkenean, hauen birak internazionalismo kutsua du. Solidaritate mugimenduek bat egiten zuten kontzertuetan. Negu Gorriak ez baita musika talde hutsa. Euskal Herritik eramaten den mezua igortzen da, ideia zabaltze bat da, eta ideia zabaltze horretan besteen ideiak ere jasotzen dituzu.

Negu Gorriakek oso ildo konkretua du bere hitz eta mezuetan. Adierazten dituen gauzen aurkako zerbait ikusi al izan duzue?

Zorionez, oso gutxi. Ikusi duguna, nik espero ez nuen lekuetan. Kontrako itxura izan lezakeen arren, Madriden oso jarrera ona izan zen. Negu Gorriakek ere asko komentatzen du, Madriden kontrakoa topatuko dutela dirudien arren, beti oso ondo hartu dituztela. Zaragozan, aldiz, kultur zentro batetan jo behar zuten Pilar egunean, eta hirira heldu bezain laster, sekulako pintada topatu genuen, tarteka euskaraz eta tarteka gazteleraz idatzia. “ETA kanpora. ETA hiltzaile. N.G. laguntzaile” jartzen zuen bertan. Taldea kriminalizatzeko saio asko dagoela gauza jakina da. Galindoren afera dugu kasurik nabarmenena. Eta Zaragozakoa ere kriminalizazio lotsagabe horren baitako adibidea da. Zurbil-zurbil gelditu ginen denak, baina egia da normalean kontzertuetan beste babes batean sentitzen zarela. Zeharka ikusten dituzu honelakoak.

Italian, adibidez, Banda Bassotti Negu Gorriakekin jo zuen beste taldea, faxistek egurtu egin zituzten Milanon. Bezperan banandu ginen Paduan. Guk Zurichera jo genuen eta haiek Milanora.

Gustora geratu zara emaitzarekin?

Pertsonalki bai. Liburua esku artean dudanean ezin izaten dut sinetsi guzti hori horren azkar idatzi ahal izan dudanik. Baina gogorra izan da. Batez ere bira. Taldekideek lehenengo egunetan jada abisatzen zuten ikaragarri neketsua izango zela.

Jendeak uste du, turismo pixka bat egitera edo, irteten direla, baina ez du zerikusirik horrekin. Hasteko, fisikoki eta mentalki oso sendo egon behar zara bira osoa burutzeko.

Hori gogorra izan zen, baina aldi berean emaitza politak daude. Liburuan mitifikatuta dagoen talde horri errretrato gordina egiteko aukera izan dut. Eta aldi berean lagun handiak egin ditut. Pozgarria izan da izen handi horren atzean dauden partaideak interesgarriak berez direla sentitzea. Horren harian, niretzat Negu Gorriak ez da jada Negu Gorriak, baizik eta Pintzak, Kakik, Iñigok, Jituk, Katak eta Ferminek osatzen duten lagun taldea. Eta liburua horretan zentratu da. Talde horren alderdirik humanoena azaltzen da. Pentsatuz gainera liburu honek emaitzarik mamitsuena alde horretatik eman zezakeela, talde hori pertsona humano bezala agertuz.

Izan duzu inoiz kontuan liburua idazterakoan Negu Gorriak taldeak duen jarraitzaile multzoa? Durangon ikusiko da jende horren erantzuna. Zer espero duzu?

Liburua idazten hasi aurretik hori gogoan eduki izan banu, jai nukeen. Hobe horrelako gauzetan ez pentsatzea. Durango zenbat salduko den... Ez dut jendearen jakinmin hori sentitzeko astirik izan. Beraz, ez naiz gai ikusten balorazio hori egiteko. Dena den, ezin uka 3.000 aleak saltzea espero dugula bai Susak eta bai nik. Durangon ez bada, beranduxeago.

Nolanahi ere, nire zeregina txukun bete dudala uste dut. Negu Gorriak taldeari buruz sekula esaten ez diren gauzak plazaratzen direla kontuan hartuta, erantzun ona izan dezakeela pentsa genezake. Bestalde, irakurterraza da. Kontakizunak arinak dira oso.

Hasieratik eraman nuen taldea den bezala azaltzeko ideia. Uste dut egin dudala modu batera, oso profesional onak dira. Egia da mitifikatzeko arrazoien artean hori badela, onenetakoak direla. Maila ikaragarria eskaintzen dutela eta hori are nabarmenagoa izan da biran.

Laburrean esanda, euren profesionaltasuna eta alderdi humanoa modu arin batez eskaintzen saiatu naiz. Hiru elementu hauek josi eta lortu dudanarekin gustora nago.

Lehen liburu hau gauza puntual eta salbuespen gisa hartzen duzu zure kazetaritza lanean, edota idazteko grina sortu dizu barnean?

Liiburua idazten ari nintzenean kontrakoa pentsatu nuen arren, gerora grina sortu zait. Egia da honelako gauzak askoz ere interesanteagoak direla kazetaritzak berak eman dezakeena baino. Egunkari batetan edota aldizkari batetan lan eginez honelako idatziak egiteko aukerarik ez dago, batez ere euskal prentsa nola dagoen ikusirik. Ez baitago dirurik inor nazioartera bidaltzeko ez dakit zer nolako artikuluak egiteko. Bestalde, oso hotza bihurtzen ari da kazetaritza.

Egia da hartxoa sartu zaidala bihotzean. Lan puntual bat zen horrelaxe sortu zelako, baina aukerarik izango banu, helduko nioke berriro. Iruditzen zait gainera oso bide polita izan daitekeela idazteko, informatzeko eta, aldi berean, irakurgai politak eskaintzeko.

Kronologikoki haritua dago liburua. Arrazoi bereziren batengatik?

Biraren nekeak sortzen duen makaltzea da kontatzen dena. Beraz, lehen egunak zertan joan ziren jakin gabe ezin dira azken eguneko kontakizunak ulertu. Egun bakoitzak kapitulu bat osatzen du liburuan. Kronologikoki, sinpleena eta politena delakoan.

Materiale grafikoak ere bere garrantzia du bertan.

Liburuaren azken zatia osatzen du alderdi grafikoak. Batzuetan kartelak dira. Beste batzuetan pegatinak. Edo fanzineak. Argazkiak ere badira, noski, egile askorenak. Egunkarietako kritikak eta bestelako erreportairen bat ere azaltzen da. Esate baterako, Liberation egunkariaren irailaren 6ko lehen orria, Chirac-en aurpegi mutatuaz osatua. Frantzian geunden Moruroan lehen froga nuklearra egin zutenean eta txundituta utzi gintuelako sartu dugu.

Chirac-en basakeria horrek islada izan zuen geroztik, bizi izan genuen giroa froga nuklearren aurkako gerra ikaragarrikoa izan baitzen. Zentro sozial eta ezkertiar guztietan, baita kalean bertan ere. Taldeak eskaintzen zituen abestiak askotan ziren hori gaitzesteko edota Chirac-en prepotentzia guzti hori salatzeko. Polinesiaren independentismoa goraipatzen zen etengabe ere. Bira osoan zehar behin eta berriz persegitu gaituen gai bat izan da.

 

Mitoak eta tabuak

Negu Gorriak mitoz inguratua dagoela sarritan aipatu du Garbiñe Ubedak elkarrizketan zehar. Profesionaltasunaren mitoaz mintzo da, adibidez, egiazko oinarririk baduela nabarmenduz.

Badu oinarria ere, Ubedaren ustez, nazioartean leku egitea lortu duen euskal talde bakarrenetakoa dela dioenak. “Jendeak asko ezagutzen ditu. Erroman, esate baterako, zazpi mila lagun bildu zituzten Negu Gorriak-ek eta Banda Bassottik. Negu Gorriakek lortu duen gauzetako bat, eta oso ongi egin du, ideiak zabaltze hori izan da. Ez da bakarrik euren musika. Beraiek transmititzen dutena Euskal Herriaren gatazka da. Hain zuzen, euren kontzertuetan, muntatzen dena solidaritate festa bat da, eta ez Euskal Herriarekiko bakarrik, beste mila herriekiko baizik. Biran adibidez, leku gehienetan solidaritate mugimendu gehienak Euskal Herria, Polinesia, Chiapas eta lekuan lekuko gauzen ingurukoak ziren”.

Internazionalitate honen erroak Negu Gorriak aurretiko garaietan kokatzen du Ubedak. “Ezin da ahaztu Kortaturen “Nicaragua sandinista” abestiarekin mugimendu internazionaletan sartzen hasi zirela. Garai haietan hasi ziren famatu egiten. Arrastoa segitu zaie. Beraiek horretara eboluzionatu dute eta gero eta indar gehiago lortu dute”.

Mitoak alde batera utzita, kazetari tolosar honen ustez, Negu Gorriak taldeak badu hainbat tabu zapuzteko aukera eta trebezia ere. Atzerrian euskarazko abestiek irteerarik ez dutela dioen tabuaren kasua du argien. “Garbi dago NGk teoria hau zapuztu egin duela. Are gehiago, Kortatu garaian, jende askok jada ezagutzen zuela, erdaraz kantatzen zuten Muguruzatarrek. Azkenean, beste talde batetan euskara hutsean kantatzen bukatu dute. Eta internazionalismora jo dute, baina eurenari helduta, eta leku askotan hauen mugimenduak balio izan du gure herrian hizkuntza bat dagoela erakusteko. Jende askok bazekien Euskal Herrian zerbait gertatzen zela, baina hizkuntzaren arrastorik ere ez, eta horretarako balio izan du”.

“Negu Gorriak, Ideia Zabaldu Bira 95” liburuan agertzen den artikulu bat aipatu digu, esan berri duena egiaztatzeko. Munich-en jo zuteneko kritika bat da. “Urte osoan izandako kontzerturik onena NGrena zela idatzi zuen. Harrituta zegoela zioen bertan. Beraiek transmititzen zuten guztia gai politikoak izaki, herriei zor zaien errespetoa aldarrikatuz eta abar, jendeak agian pentsa dezakeela negartia izan behar duela, baina guztiz kontrakoa dela. Inork erakutsi ez duen indarra duela, eta hizkuntza ulertu gabe ere oso ongi transmititzen dutela indarra, zanpatuak egon arren etsi nahi ez dutenen kemena”.

 

Bilaketa